- Details
-
Created on Monday, 13 May 2013 10:26
EH Bilduk joan den astean hondakinen gaia hizpide egin zuen prentsa agerpenean aurreratutakoak bazterrak astindu eta hautsa harrotu du, bistan da. Gipuzkoako ahaldun betierekoa sentitzen den PNVren aldetik, espero zitekeen bezala, kaosa eta espantua haizatu ditu. Bestaldetik, nahasmena zein nora eza beren sarraila-zulo propiotik bilatzera jarri diren beste batzuen aldetik ere ezkutukeriaz mintzatu dira, ausarki, ahoan bilorik gabe.
Horra hor EH Bilduk azaldutakoa: atez atekoaz gain, beste eredu batzuk babesteko ere prest da koalizioa, sistema horrek adinako gaitasuna baldin badute hondakinak gaika biltzeko. Helburuak partekatuta, arrazoizko epeak jarrita eta adostutakoaren jarraipena eginda, EH Bilduk bultzatu eta sustatuko du birziklatzea bermatzen duten beste sistema batzuk ezartzea. Atez atekoaren balioa eta eraginkortasuna frogaturik, sistema hau beti izango da gure lehen aukera, antzeko emaitzak eman ditzaketeen beste bilketa sistemei ate-danbadarik eman gabe. Izan ere, hondakinak bildu eta birziklatzeko ez dugu aurreikusten borondate hutsaren baitako sistema jartzerik, berau edozein delarik ere nahitaezko izango baita gaika jasotzea, erabiltzailearen identifikazioa, ontzian utzitakoa ikuskatzea eta birziklatze-helburuetara iristeko jarraipen plana egotea.
Read more...